XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III Animaliaren erreakzioetatik gizalagunaren erantzunetara

Animal symbolicum definituz gizon-emakumea, iritsiak gara geure lehen abiapuntura, eta hortik harantzagoko azterketak bideratzeko moduan gaude.

Baina beharrezkoa dugu orain definizio hori gehixeago lantzea, zehaztasun handiagoa emateko.

Giza bizitzaren ezaugarri nabarmenenetarikoak dira pentsamendu sinbolikoa eta jokabide sinbolikoa, eta ukaezinezkoa da baldintza horietan dagoela oinarrituta giza kulturaren garapen osoa.

Baina ba al dugu oinarririk pentsamendu-jokabide horiek gizon-emakumeen dohain berezitzat hartzeko, bestelako izaki organiko guztiak kanpora utziz?

Sinbolismoa ez ote da iturburu askoz sakonagora eraman ahal den printzipioa, eta aplikazio-barruti askoz zabalagoa duena?

Ezezkoa ematen badiogu galdera horri, orduan badirudi aitortu beharrean gaudela geure ezjakintasuna giza kulturaren filosofian betidanik aztergai nagusi izan diren funtsezko galdera askori buruz.

Erantzunezinak gertatzen dira orduan hizkuntzaren, artearen, erlijioaren jatorriari buruzko galderak, eta gertakari bat dugu orduan giza kultura, gure aurrean hor jarria, nolabait bakana, eta, beraz, ulertezina.

Ulertzekoa da zientzilariek halako soluzioa onartzeari beti uko egin izana.

Ahalegin handiak egin dituzte horiek sinbolismoaren gertakaria beste gertakari ondo ezagunekin eta aurreragokoekin lotzen.

Problemaren aparteko garrantziaz jabetu izan dira, baina zoritxarrez oso gutxitan aztertu izan dute hori buru-irekitasun osoz.

Hasieratik bestelako arazoekin, azterketa-barruti erabat ezberdinekoekin, ilundu eta nahasi izan dute hori.

Fenomenoen beraien deskribapen eta analisi garbiak eman beharrean, eztabaida metafisiko bihurtu izan dute problema horren inguruko jarduna.

Sistema metafisiko ezberdinen arteko borroka-gai bihurtu dute: